XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bada. ez naiz penetan, neure oraingo egoera deitoragarria Iainkoaren borondateari zor zaiola baitakit, eta bera maitagarri eta justua denez, bere zerbitzari eta semealabentzat onena nahi omen du.

Alabaiña, indiar sinestegabe hauen artean hilko banintz, purgatorio honetan neure bekatuak garbitzea nahi duenaren frogarik argiena litzateke.

Eta hala balitz, ez nuke zigor edo gaztigutzat hartuko, penitentziatzat baiño, neure bekatua itzela izan baitzen, eta nolako bekatua halako penitentzia.

Orain arte Iainkoa eta biok horren jakinaren gainean geunden, baiña Herioa gertu dagoen honetan, konfesatzeko beharra sentitu dut, eta geure Iainkoak heriotzeko orduan bere eskumara eramango nauela dakidan arren, lurrean ere neure hoben eta arrazadurak garbitu nahi nituzke.

Hori dela eta, zeure laguntzaren zain geratzen naiz, konfesiñoa behar bezala egin ahal izateko eta oraingoan falta zaidan sosegua eskuratzeko.

Neure bekatua jaun prestua larrienetariko bat izan zen, eta barkamenik ez erdiesteko beldur naiz.

Lagun hurkoa hiltzea bekatu mortala izaten da, eta absolbaziñoa hartzeke hiltzekotan, nireak egin du.

Hori da, hain zuzen, neure baitan daramadan ezabatezinezko makula; presuna bat hiltzeagatik.

Eta ez Eliza Sainduak onesten dituen hilketa bategatik norberaren burua defendatzeko edo gerran gertatutakoak, haragiaren apetitu desordenatuengatik baiño.

Eta Iainkoaren ordenantza edo manamenduek esandakoaren arabera, hiltzea bekatu mortala izaki, haragiaren plazerengatik hiltzea bekatu askoz ere larriagoa omen da.

Horretan geure lehenengo gurasoek Adan eta Eva buruturikoa berpizten baita bai jauna.